XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zuhazti honetan sartuta, haren kerizpe indargarrian murgildu, eta badirudi beste mundu zoragarri batetako sarreran nagoela.

Bihotza ukitzen dit haren olerkiak.

Orain, esaterako, aulki batean eserita, urmael txiki borobil bat dut aurrean, neure lagun bakarra.

Ez uste izan berak apaindura finak dituenik: iturri apala da guztiz, niri gustatzen zaizkidan bezalakoa: goroldioak berdez margotua, iturburuaren xirripa etengabeaz besterik ez du.

Eta hor ari dira txirri herabetiaren tantotxoak, jauzika, uraren ispilua urratzen; eta gainean igerika ari diren hosto-puska arinak, hotzikarak hartuta gisan, gora eta behera mugiarazten.

Arratsalde ederra gaurko hau.

Ortzea garbi goialdean, itzalak higikor lurrean, arnasgarri haize-bala freskuak, eta landare-usain... osasuntsu.

Udaberriaren ederra!.

Txillardegi, Leturiaren egunkari ezkutua

1. Kokaera

Pasarte hau Leturiaren egunkari ezkutua, 1957an argitaratu liburuaren hasiera dugu.

Nobela honek berebiziko berrikuntza ekarri zion euskal nobelagintzari, bai espresio aldetik, bai gai aldetik.

Leturiaren egunkari ezkutuak aro berri bat hasi zuen euskal nobelan.

Ordurartekoak giro edo ohitur nobelak ziren; orain pertsonai nobela hasten da.

Pertsonaia gertatzen da inportanteena nobelan.

Ez du giro bat erakusten nobelak, pertsonaiaren problematika baizik.

Lehengo nobelak, giro nobelak, hirugarren pertsonan azaltzen dira.

Hau, ordea, lehen pertsonan.

Eta lehen pertsonan egindako kontaketak sinesgarritasuna ematen dio idazlanari.

Gainera, hemen agertzen den pertsonaia ez da erabat finkaturiko pertsona seguru eta establea, idealizatua, Garoako Joanes bezala, baizik gatazkazko pertsona da; krisian bizi da, zorion bila....

Leturia delako hau problematika existentzialaren adibide argia dugu.

Txillardegiren bigarren nobelako Peru Leartzako (1959) pertsonaiarekin batera, zorionaz, heriotzaz, Jainko prolemaz, oinazeaz, bakardadeaz kezkatua agertzen da.

Hirugarren nobelan, berriz, Elsa Scheelen (1968) nobelan alegia, aurrekoetan hautatu zuen bidea utzi eta bide klasikoari lotzen zaio.

Hurrengo nobela, Haizeaz bestaldetik (1979) delakoa, problematika existentzialari lotua ageri zaigu berriro.

Eta azkenez, Exkixu (1988).

Bertan, bere barnean aberriaren sua irakiten sentitzen duen gazte baten ibilerak kontatzen dizkigu.

Jose Luis Alvarez Enparantza, Txillardegi, 1929an jaio zen Donostian.

Langile porrokatua izaki, euskararen eta Euskal Herriaren burujabetasunaren alde lehiatu izan da beti, anitz arlotan.

Politikan, ETA erakundearen sorreran partaide izan zen; urteak pasatu ditu erbestean eta gaur egun ere politikan dihardu.

Gaztetan injinaritza ikasketak burutu zituen arren, linguistikari loturik dago aspaldidanik, Unibertsitate askotan ikasi eta irakatsi duelarik.

Azentuari buruzko tesiaz doktoratu zen eta E.H.U.ko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean da irakasle.